Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANT 18k, maiatzaren 4tik aurrera, luzemetraien Sekzio Ofiziala eta FANT LABURREAN sekzioa baloratuko duen eta adituz osatuta egongo den epaimahaiko kideen izenak ezagutarazi ditu. FANT LABURREAN sekzioak bi saio izango ditu aurten (maiatzaren 5ean eta 9an), horietako bigarrena euskal laburmetraiei zuzendutakoa.
Aurtengo edizioko epaimahaia Jorge Guerricaechevarria gidoilariak, Alex Angulo antzezleak eta Desirée de Fez zine kritikariak osatuko dute. FANT 18k, bost kontinenteetatik etorritako 432 film jaso zituen, izena emateko epea itxi zen joan den martxoaren 31ra arte. Datorren astean ezagutaraziko dira zein filmek jaso ahal izango dituzten Sekzio Ofizialeko Luzemetraiarik hoberenaren eta Gidoirik Hoberenaren Ohorezko sariak eta Zinemaldiko epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren laburmetraiei emango zaizkien 3.000 euroko bi sariak eta euskal laburmetraiarik hoberenari emango zaion 2.000 euroko saria.
Jaiotzez asturiarra den baina Gasteizen bizi den Jorge Guerricaechevarria (Avilés, 1964), espainiar Estatuko zineak azken hamarkadatan eman duen gidoilari garrantzitsuenetakoa eta errespetatuenetakoa da. 2010. urtean, Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak ematen duen Gidoi hoberenaren Goya Saria lortu zuen “Celda 211” lanari esker. Espainiar Estatuko zineak izan dituen lan arrakastatsuenetako batzuen gidoiak idatzi ditu Alex de la Iglesiarentzat: “Mirindas asesinas”, “El día de la bestia”, “Muertos de risa” eta “La comunidad”. Pedro Almodóvarrekin ere aritu izan da lanean, “Carne Trémula” filmaren gidoia idatziz, eta azken urteetan, Daniel Monzónen azken bi filmen gidoilarietako bat izan da.
Alex Angulo antzezle euskaldunak (Erandio, 1953) Imanol Uriberen eskutik eman zituen lehen pausoak zine munduan. Ezagunagoa egin zen Telecinco kateak eman zuen “Periodistas” serie arrakastatsuan antzeztu zuen “Blas” pertsonaiari esker.
Ondoren, apaiz sataniko ahaztezina antzeztu zuen Alex de la Iglesiaren“El día de la bestia” film ezagunean. Azken urteetan zuzendari askorekin egin du lan. Horrela, besteak beste, Guillermo del Tororekin “El laberinto del fauno” filmean aritu izan da. 2010ean Zinemira saria lortu zuen Donostiako Zinemaldian, Oscar Aibarren “El gran Vázquez” filmean “Peláez” antzezteagatik. Lan horregatik Goya Sarietarako hirugarren izendapena lortu zuen.
Desirée de Fez (Bartzelona, 1977), gure herrialdeko zine kritikaren alorrean aritzen den emakume luma gutxienetakoa da. Zine alorreko zenbait argitalpenetan idazten du, “Fotogramas”, “Rockdelux” edo Bartzelonako “La guía del ocio” aldizkarietan, besteak beste. Fantasiazko eta beldurrezko zinean aditua eta zaletu handia, “Películas claves del cine de terror moderno” liburua idatzi du. Liburu horretan, generoaren izenburu esanguratsuenei buruzko azalpenak ematen ditu.
Kike Maíllo, Frantrobia saria
Edizio honetan jarraipena izango du FANTeko erreferentziazko sarietako batek, fantasiazko generoan indarra hartzen doan irudia saritzen duen FANTROBIA Sariak, hain zuzen ere. Oraingo honetan, saritua Kike Maíllo (Bartzelona, 1975) zuzendari katalana izango da.
“Eva”, bere lehen luzemetraiarekin, hiru sari lortu zituen Goya Sarien azken edizioan, efektu berezi hoberenen, taldeko antzezle hoberenaren eta Zuzendari Berri hoberenaren sariak. “Eva” lanak adimen artifizialaren gaia lantzen du, eta etorkizunean dago girotuta, 2041. urtean, gizakiak eta giza itxurako errobotak elkarrekin bizi diren munduan. Protagonista, ume errobot bat sortzeko agindua jaso duen ingeniari zibernetikoa da. Orain arte ine espainiarrean gai hori landu duen lehen lana den “Eva” filmak, pertsonaien istorio intimista kontatzen digu, efektu berezi ikusgarriz hornituta. Kike Maíllo zuzendariak maiatzaren 9an aurkeztuko du bere filma ikus-entzuleen aurrean, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – FANT 18ren, barruan, arratsaldeko 19:45etatik aurrera, Golem zine aretoetan.
Saria, ostiralean, maiatzaren 11n, ospatuko den zinemaldiaren amaiera ekitaldian jasoko du. Horrez gain, Kike Maíllok, Lluís Castellsekin, “Eva”, laneko eta, besteak beste, Alejandro Amenabarren “El orfanato” filmeko, efektu berezien (eta digitalen) arduradunarekin, batera, efektu bereziei buruzko Master Class bat eskainiko du, maiatzaren 11n bertan, arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara, Abando – Barrainkuako Udaltegian. Zine Eskoletako, Ikus-entzunezko eta Arte Ederretako ikasleei eta sektoreko profesionalei zuzenduta egongo den lan saioan, efektu bereziak dituen film baten zuzendaritza lana aztertuko da, eta efektu berezi horien sorkuntza eta kudeaketa azalduko dira. Ikastaroa dohainik izango da, baina plazak mugatuak izango dira. Izen ematea fanteskola@fantbilbao.net helbide elektronikoaren bitartez egin ahal izango da.
Fant: I love clicks
Aurreko edizioetan bezala, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak, zine emanaldiekin paraleloan joango diren zenbait jarduera antolatu ditu. Maiatzaren 2tik 15era “FANT: I love clicks” erakusketa bisitatu ahal izango da. Erakusketak, fantasiazko eta beldurrezko film mitikoen 35 kartel jasoko ditu, baina kartelen protagonistak Playmobilen panpinatxo txiki ezagunak izango dira. Erakusketa, Zazpi Kaleetan dagoen Burtsako Udaltegiaren eta FANT-eko edizio honen laguntzaile berezi diren Abando Hoteleko atariaren, ART Kafe Tabernaren eta Domenicos jatetxearen artean banatuko da. Bertsio horien ideia Mauro Solbes eta Aarón Mira valentziarrena da. Playmobilen klik batzuk Mairuen eta Kristauen arropez janzten hasi ziren, eta, azkenean, mota guztietako pertsonaiez mozorrotu dituzte euren iloveclicks.es web gunerako. Oraingo honetan, “El Exorcista” laneko Karras apaiza, “E.T.” edo “Matrix” filmeko Neo, plastikozko izaki artikulatu txiki bilakatuko dira.
Beste alde batetik, eta “Irudi idiliko gutxiago! Zatarkeria, beldur eta nazka gehiago!” lelopean, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANT 18k, AUX.magazinerekin eta BilbaoCentrorekin elkarlanean, erakusleiho lehiaketa bat antolatu du. Lehiaketa horretan, BilbaoCentroko kide diren saltokiak aurkeztu ahal izango dira, fantasiazko edo beldurrezko apainketak erakutsiz, maiatzeko lehen hamabostaldian.
Horrela, zinemaldiaren antolakuntzak gonbidapena egin die Bilbo erdialdeko saltokiei, zinemaldi fantastikoaren jaiarekin bat egin dezaten, euren erakusleihoak ahalik eta modu bitxienean apainduz. Izen ematea MAIATZAREN 2ra arte egin ahal izango da, BilbaoCentroren bitartez, atención@bilbaocentro.com helbide elektronikoaren edo 94 416 66 66 telefono zenbakiaren bidez.